1895-1914

Kristobal Balentziaga Eizagirre Getarian jaio zen (Gipuzkoa), urtarrilaren 21eko arratsaldeko bostetan. Bere ama Martina Eizagirreren bidez hasi zen joskintzan. Amak inguruko familia garrantzitsuentzat lan egiten zuen jostun gisa, eta Casa Torreseko markes-markesaren familia zegoen horien artean. Markesaren gustu finak eta haren arropategi bikainak –Paris eta Londresko denda onenetan erositako jantziz osatua– bultzatuta sartu zen Kristobal gaztea Europako kultur eliteen dotorezia munduan.
1907. Bizitzera Donostiara joan, eta orduko dendarik onenetakoetan jostun lanbidea ikasten hasi zen; zehazki, Gómez eta New England etxeetan. 1911n, Donostiako Au Louvre saltoki handietan lan egiten hasi zen eta, bi urte besterik igaro ez zirenean, emakumeentzako jantzigintza tailerreko buru izendatu zuten. Au Louvren egiten zuen lanari esker, Paris eta modaren nazioarteko hiriburuko joskintza etxe nagusiak ezagutzeko aukera izan zuen. 1914an, Bordelera joan zen. Han, lagun batzuen moda-etxe ezagun batean aritu zen lanean.
1917-1931

1917. Etxe propioa sortu zuen Donostiako Bergara kaleko 2.ean: C. Balenciaga. 1918an, Benita eta Daniela Lizaso merkatari donostiarrekin elkartu zen eta, hala, enpresan kapital gehiago sartzea lortu zuen. 1919an, Lizaso ahizpekin batera, Balenciaga y Compañía elkartea eratu zuen formalki, sei urterako (1918ko urtarrilean jarri zen martxan). Enpresa berriak Bergara kaleko 2.ean jarraitu zuen.
1924. Balenciaga y Compañía elkartea desegindakoan, bakarkako bidea hartu, eta Cristóbal Balenciaga izeneko denda zabaldu zuen, Askatasunaren etorbideko 2.ean. Maria Kristina erregina eta Isabel Alfontsa infanta Kristobal Balentziagaren bezero egin ziren eta, haien atzetik, Errege Etxeko eta Gorteko beste dama batzuk. 1927an, goi mailako jantzigintza tradizionalera zuzendutako enpresa berri bat sortu zuen, Donostiako Okendo kaleko 10.ean: Eisa Costura. Denda berri hori Askatasunaren etorbideko goi mailako joskintza aretoarekin batera egon zen martxan.
1931. Bigarren Errepublika aldarrikatu zutenean, Kristobal Balentziagaren bezero ospetsuenek erbestera joan behar izan zuten; ondorioz, izugarri murriztu zen haren joskintza jarduera. Moda-sortzaileak birplanteatu egin behar izan zuen negozioa. 1932an, beste jantzigintza negozio bat ireki zuen Gipuzkoako hiriburuan, Santa Katalina kaleko 6.ean: B.E. Costura. 1933an, Eisa Costura eta B.E. Costura itxitakoan, Balentziagak denda berri bat ireki zuen Askatasunaren etorbideko 2.eko lehenengo solairuan: EISA B.E. Costura. Cristóbal Balenciaga etxea, berriz, eraikin bereko bigarren solairura tokialdatu zuen. Madrilgo Caballero de Gracia kaleko 42.ean sukurtsal bat ireki zuen eta, 1935ean hirugarren denda, Bartzelonan, Santa Teresa kaleko 10.ean.
1936-1945

1936. Gerra Zibila piztutakoan, Parisera joan zen bizitzera, herrialdea utzita. Behin-behinekoz, eten egin zuen Donostiako, Madrilgo eta Bartzelonako etxeen ohiko jarduera. 1937ko uztailean, BALENCIAGA elkartea sortu zuen, Nicolás Bizkarrondorekin eta Wladzio d'Attainvillerekin batera. Abuztuaren 5ean, bere goi mailako lehenengo joskintza bilduma aurkeztu zuen Balentziagak Parisko George V.aren etorbideko 10.ean. Sekulako arrakasta izan zuen. 1938an, izena aldatu zion Donostiako dendari: aurrerantzean, Eisa Costura izango zen. Madrilgo eta Bartzelonako etxeek Gerra Zibila amaitutakoan hartu zuten izen hori; 1941ean eta 1942an, hurrenez hurren.
1945. Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, Balentziagak «Théâtre de la Mode» erakusketan parte hartu zuen. Parisko sortzaile onenek egindako goi mailako jantziak zeramatzaten panpina-manikien erakusketa ibiltaria zen hura, Europa eta Amerika zeharkatu zituena. Frantziako hiriburuak modaren nazioarteko zentro gisa zeukan garrantzia aldarrikatzeko asmoz egin zuten moda-sortzaileek erakusketa hura.
1947-1958

1947. Balenciaga etxeko lehenengo perfumea jaio zen, Le Dix, eta Balentziagak tonneau edo upel deituriko lerroa aurkeztu zuen. Hala, gerriaren eta bizkarraldearen bolumenarekin esperimentatzen hasita, etapa interesgarria abiatu zuen. 1951n, Balentziagak berriz ere arintasuna aukeratu zuen eta 1947tik nagusi ziren figura zurrunetatik ihes egin zuen. Upel lerroa zuzentzen zuten printzipioei jarraiki, gorputzera erdiegokitutako trajea sortu zuen: bizkarraldean bolumena zeukan, eta kontrastea egiten zuen aurrealdeko gerri estuarekin.
1955. Quadrille jaio zen, Balenciaga etxeko hirugarren perfumea, eta Balentziagak tunika aurkeztu zuen. Bi piezatako soinekoa zen, lerro zuzen eta garbiz osatua, eta gorputza estutu gabe biltzen zuen. Tunikaren ondoren, 1957an, zaku soinekoa aurkeztu zuen. Upel lerroarekin (1947) hasitako joskintza arloko bilakaeran beste urrats bat izan zen. Lerro puru eta arinez osatutako bere sorkariek garai hartako modan iraultza sortzen jarraitu zuten.
1958. Balentziagak bi soineko mota aurkeztu zituen: batetik, baby doll deiturikoa, silueta trapezoidal sinplea zeukana, gerririk gabea; bestetik, pauma dindirria zeukana, atzetik aurretik baino luzeagoa zena. Abrahamek gazarra sortu zuen moda-sortzailearentzat; hots, ezaugarri eskultorikoak zeuzkan ehuna, gero eta kontzeptualagoak ziren Balentziagaren sorkarietarako egokia. Frantziako Gobernuak Chevalier de la Légion d'honneur titulua eman zion Balentziagari, modaren industriari egindako ekarpenagatik. Nazioarteko prentsak «Maisu» eta «Goi mailako joskintzaren errege» izendatu zuen.
1959-1968

1959. Lerro berriak agertu ziren emakume-jantzietan, jaka motzekoak eta gerri altukoak. Gaueko soinekoen artean, gerri altuko inperio estiloa nabarmendu zen.
1960. Balentziagak Fabiola de Mora y Aragónen ezkontza soinekoa egin zuen. Casa Torreseko markesaren biloba zena Belgikako erregina bihurtu zen gero.
1963. Balentziagak oso sport estilo dotorea aurkeztu zuen, eta harridura eragin zuen goi mailako joskintzako lehenengo botak sortuta. Mancinik eginak ziren.
1967. Balentziagak gero eta forma puruagoak eta abstraktuagoak erabili zituen. Kazetariek eta bezeroek txalotu egin zuten bilduma, maisutasun eta orijinaltasun handikoa zelako.
1968. Air France konpainiako azafaten uniformeak diseinatu zituen. Udaberrian, azken bilduma aurkeztu zuen. Erretiroa hartuko zuela iragarri zuen, eta Paris, Madril, Bartzelona eta Donostiako etxe guztiak itxiko zituela. Lanbidean bete-betean murgilduta berrogeita hamar urte eman ondoren, Balentziagak utzi egin zuen goi mailako joskintza.
1972

1972. María del Carmen Martínez-Bordiúren ezkontza soinekoa diseinatu zuen. Francoren biloba Cádizeko dukesa izango zen gero. Kristobal Balentziaga Xàbian hil zen (Alacant), martxoaren 24an, eta Getariako hilerri txikian lurperatu zuten.
