Cristóbal Balenciaga

"Un modisto debe ser arquitecto de la forma, pintor para el color, músico para la armonía y filósofo para la medida” Cristóbal Balenciaga.

Cristóbal Balenciaga Eizaguirre Getarian jaio zen (Euskal Herria, Espainia), 1895eko urtarrilaren 21an, langileen familia baten altzoan. Aita arrantzalea zen, eta Balenciagak 11 urte zituela hil zen. Ama, Balenciagarentzat figura nabarmena izan zena, jostuna zen, eta Casa-Torresko markesen familiarentzat egiten zuen lan.

Hortaz, gazte-gaztea zenetik, harremana izan zuen amaren lanbidearekin eta markesaren dotorezia eta gustu onarekin. Markesak laguntza eman zuen Balenciagaren talentua pizteko, eta haren lehen bezeroetako bat izan zen. 1907an, Donostian erroldatuta agertzen da, eta hirian hasi zen jostun-lanbidea ikasten, Parisko modarekin lotura zuten era askotako saltokietan lan egiten. Garai hartan, hiria loraldi betean zegoen, hirugarren sektoreko jarduera ekonomikoari dagokionez, neurri batean, gortea uda garaian Donostian egoten zelako eta euskal itsasaldean turismoa zegoelako.

22 urte zituela, Cristóbal Balenciagak lehen negozioa jarri zuen abian: matrikula industrialeko liburuan eman zuen izena, Jostuna epigrafean, kategoria gorenari zegokion kuota fiskalarekin, C. Balenciaga izenez, Bergara kaleko 2. zenbakian. Urtebeteko epean, sozietate modura aldatu zuen inskripzioa, bazkide berriak sartzeko: Lizaso ahizpak. Hortaz, sozietate mugatu bat eratu zuen, sei urteko indarraldirako, hain zuzen, Balenciaga y Cía, negozioaren helbide berbera utzita.

Aldi hori igaro ondoren, 1924an, elkartea desegin zen, eta, horren lekuan, Cristóbal Balenciaga gisa hartu zuen alta, eta etorbideko 2. zenbakira eraman zuen negozioa. Urte horretan, 71 langile zituen negozioan (68 emakume eta 3 gizon). 1927ko martxoan, Martina Robes et Manteaux sortu zuen, Okendo kaleko 10. zenbakiko 1. solairuan (Martina zen haren amaren izena), bigarren marka gisa, dibertsifikatzeko estrategia baten barruan. Urte bereko urrian, izen berria eman zion: EISA Costura (haren amaren deiturarekin erlazioa duen izena berriz: Eizaguirre).

Lehenengo enpresa, Cristóbal Balenciaga, etenik gabe egon zen zabalik 1937ra arte, hau da, Parisera joan zen arte. Bigarren enpresa, EISA Costura, geografikoki dibertsifikatu, eta Madrilera (1933) eta Bartzelonara (1935) joan zen, EISA BE izena hartuta, eta Donostian ere jarraitu zuen, etorbideko 2. zenbakian.

Hala ere, zalantzarik gabe, Parisko etapari esker da Balenciaga eraginik handien izan duen historiako diseinatzaileetako bat. Espainiako Gerra Zibilak bultzatuta, Balenciaga Parisera joan zen, eta George V. etorbideko 10. zenbakian jarri zituen aretoak. Erabaki hori ikusita, nabaria da ehunen hornitzailerik garrantzitsuenak eta goi-mailako joskintzari lotutako lanbideetako espezialista gorenak eskueran izateaz gain, harremanean jarri zela gizartean, kulturan eta politikan garrantzi handia zuten bezero kosmopolitekin, eta nazioarteko hedabideek, gainera, jomugan hartu zutela.

Arrakasta lortu zuen 1937an lehen bilduma aurkeztu zuenetik, eta haren sormen-lanak –erosotasuna, lerro gardenak, Espainiako tradizioaren berrinterpretazioa eta bolumen berritzaileen garapena oinarritzat zituenak– XX. mendearen erdialdeko hamarkadetako moda markatu zuen, 1968. urtera arte. Urte horretan, goi-mailako joskintza garrantzia galtzen hasi zen, prêt-à-porter estiloari bide emateko, eta, orduantxe, Balenciagak erretiroa hartzea erabaki zuen.

Doikuntza, teknikaren erabilera eta perfekzionismoa zirela-eta, lankide garaikideen mirespena lortu zuen Balenciagak. Christian Diorren ustez, “gu guztion maisua” zen; Hubert de Givenchyk zioenez, “goi-mailako joskintzaren arkitektoa” zen; eta Coco Chanelen hitzetan, "benetako couturier bat zen".

Dena dela, berrikuntzarako zuen ahalmena, etengabeko bilakaera sotilean, ehunez zuen jakintza, eta proportzioaz eta neurriaz zuen zentzua, eta emakumearen gorputzez zuen ikuspegia direla-eta da Balenciaga eragin handiena izan duen diseinatzaileetako bat.

Sorkuntzako bilakaeran, Balenciagak lerro desberdinak ikertu, esperimentatu, erabili eta hobetu zituen, orduan nagusi zen emakumearen silueta aldatu, orduko kanon soziokulturaletatik aldendu, eta pixkanaka gero eta abstrakzio-maila handiagoa sartzeko. Bizkarra ardatz gisa hartuz, gerria lausotuz, bolumenak sortuz eta ebakidurak sinplifikatuz.

Horrela sartu zituen “tonneau” lerroa (1947), look “erdi-estutua” (1951), “globo” gonak (1953), tunika (1955), “zaku” soinekoa (1957) eta ”baby-doll” soinekoa (1958), hurrengo hamarkadako sorkuntza-lanen bereizgarria den minimalismo formalerantz aurrera eginez.

Balenciagak berak artista-lantzat hartu zuen bere lana: “jostun batek arkitektoa izan behar du planoak egiteko, eskultorea formak moldatzeko, pintorea koloreak lantzeko, musikaria harmonia lortzeko, eta filosofoa neurriaren zentzuan”.

bibliografia

  • Metropolitan Museum of Art, The World of Balenciaga, Nueva York, 1973.
  • Palacio de Bellas Artes de Madrid, El mundo de Balenciaga, Madrid, 1974.
  • Musée Historique des Tissus, Homage à Balenciaga, Lyon, 1985.
  • Fondation de la Mode, Cristóbal Balenciaga, Tokio, 1987.
  • Getariako Udala eta Donostiako Udala, Homenaje Internacional a Cristóbal Balenciaga, Donostia-San Sebastián, 1987.
  • National Gallery of Victoria, Balenciaga: Masterpieces of Fashion Design, Melbourne, 1992.
  • Mona Bismarck Foundation, Mona Bismarck, Cristóbal Balenciaga, Cecil Beaton, París, 1994.
  • Marie-Andrée Jouve - Jacqueline Demornex, Balenciaga, Editions du Regard, 1998.
  • Museo Nacional de Escultura, Cristóbal Balenciaga, Valladolid, 2000.
  • Kutxaespacio del Arte, Paristik Donostiara. Balenciaga, Donostia-San Sebastián, 2001.
  • Instituto Valenciano de Arte Moderno, Carta de amor a Cristóbal Balenciaga, Valencia, 2001.
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Cristóbal Balenciaga y la marquesa de Llanzol, Getaria, 2004.
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Balenciaga: El lujo de la sobriedad, Getaria, 2006.
  • Mona Bismarck Foundation, Mona Bismarck, Cristóbal Balenciaga: Perfection Partagée, París, 2006.
  • Musée des Arts Décoratifs, Balenciaga París, París, 2006.
  • Meadows Museum, Texas: Balenciaga and his Legacy, New Haven, 2006.
  • Château de Haroué, Cristobal Balenciaga, Philippe Venet, Hubert Givenchy au château des princes de Beauvau Craon, París, Flammarion, 2010.
  • Queen Sophia Spanish Institute, Balenciaga: Spanish Master, Nueva York, Rizzoli/Skira, 2010.
  • De Young Fine Arts Museum of San Francisco, Balenciaga and Spain, Rizzoli/Skira, 2011.
  • Miren Arzalluz, Cristóbal Balenciaga, The Making of a Master (1895-1936), Diputación Foral de Gipuzkoa, Editorial Nerea, 2010. 
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa - Editorial Nerea, Balenciaga, 2011. 
  • Olivier Saillard, Cristóbal Balenciaga: Collectionneur de mode, París Musées, 2012. 
  • Mary Blume, The Master of Us All: Balenciaga, his workrooms, his world, Farrar Straus & Giroud Ed., USA, 2013
  • Susan Irvine, Balenciaga, VOGUE ON Designers, 2013. 
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Balenciaga parpailan barrena, 2016. 
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Ikatza eta Belusa: Ortiz Echagüeren y Balenciagaren begiradak herri-jantziari, 2016. 
  • Lesley Ellis Miller, Balenciaga, Shaping Fashion, V&A Publishing, 2017. 
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Rachel L. Mellon Collection, 2017. 
  • Olivier Saillard, Cristóbal Balenciaga: L'ouvre au noir, París Musées, 2017.
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Cristóbal Balenciaga. Moda eta Ondarea. Elkarizketak, 2018.
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Cristóbal Balenciaga. Moda eta Ondarea. Testuinguruak, 2019.
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, Cristóbal Balenciaga. Moda eta Ondarea. Cristóbal, 2020.
  • Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa, First International Cristóbal Balenciaga Conference Proceedings, 2021.