Balenciaga and the popular costume

Cristóbal Balenciaga Museoa eta Central Saint Martins-UAL elkarlanean ari dira heziketa-proiektu batean. Proiektu horrek Londreseko eskolako ikasleei Cristóbal Balenciagaren sorburuaz jabetzeko aukera eman die.

Londreseko Central Saint Martins eskolako BA Fashion Design Womens Wear, BA Fashion Print eta BA Fashion Communicationeko ikasleek, joan den urtarrilean, Getariako museora bidaiatu zuten, Cristóbal Balenciagaren sorburua ezagutzeko eta jostunaren sormenen pisu erabakigarriaren berri izateko bertatik bertara.  Han, museoari dagozkion bederatzi pieza aztertu ahal izan zituzten, eta Ikatza eta Belusa: Ortiz Echagüek eta Balenciagak herri-janzkerari zuzendutako begiradak erakusketan sakondu, planteamenduaren marko tematikoa, hain zuzen ere.

Hezkuntza-proiektuaren prozesua eta emaitzak 

Ikasleek, Study Triparen ondoren, eta arlo bakoitzeko irakaslearen gainbegiradapean, beren ikerketa- eta sormen- prozesuari buruzko informazioa bildu dute, eta outfit oso bat egin dute. Azken hori bi erakundeek elkarrekin baloratu dute. 

Ikasleen lanen ebaluazioak, batez ere, beren diseinuetan herri-janzkien teknikak eta estetikak erabiltzeko gaitasunen balorazioa izan du ardatz, erabilitako egokitzapen- eta interpretazio-metodoak, eta Cristóbal Balenciagak, horri dagokionez, erabilitako prozeduren azterketa eta horien aipamena.

Lan onenak hautatuta, Fashion Communicationeko ikasleek online erakusketa bat prestatu dute. Gaur aurkeztuko da, ikasleen Londreseko V&A museoko Fashion in Motion proiektuan parte-hartzearekin bat etorriz. 

Proiektuak diseinatzaile sortuberrien lana ezagutzera eman nahi du eta, horretarako, urtero moda-erakusketa bat antolatzen du museoko instalazioetan. Aurten, Inspired by Balenciaga lelopean, Cristóbal Balenciaga Museoaren eta Central Saint Martins-UALen arteko heziketa-proiektuaren emaitza diren hamabost sormen erakutsiko dira. 

Museoak, bere aldetik, Central Saint Martinsekin eta modaren arloko sormenarekin eta ekintzailetzarekin lotutako beste ikastetxe batzuekin elkarlanean jarraitzen du. 


Prozesua eta bere emaitzak ikusteko, jo hona
https://artsandculture.google.com/exhibit/iAIC3vmJ2vtnLw