Balenciaga izaera
Jostunaren obraren ikuspegi berri bat esploratzen ari da Cristóbal Balenciaga Museoa; aurrez jorratu gabeko ikuspegi bat, “Balenciaga bat” ezaguterraz bihurtzen duen zera hori ardatz hartuta.
Cristóbal Balenciaga Eizaguirre (Getaria, 1895- Valentzia, 1972) XX. mendean eragin handienetakoa izan zuen moda-sortzailea izan zen; lanbideko kideek –Dior, Chanel edo Givenchy– goi-jantzigintzako “maisutzat” zeukaten.
Bost hamarkadako lan-ibilbidean, goi-jantzigintzako etxeak zuzendu zituen Espainian –Donostian (1917), Madrilen (1933) eta Bartzelonan (1935)– eta Frantzian –Paris (1937)–, eta bere izena dotoreziaren, abangoardiaren, edertasunaren eta denborazkanpokotasunaren sinonimo bihurtu zuen.
Haren obran ugariak dira bolumen egingaitzak eta muturreraino landutako ehunak. Azpimarratzekoak dira botoi-zulo bakoitzaren xehetasuna, brodatu apartak, mahuka bakoitzaren zehaztasuna, ahalik eta jostura gutxienekin egindako ebaketak.
Baina, zer da “Balenciaga bat”? Zerk egiten du berezi? Nola ezagutzen da? Zerk ematen dio izaera? 30eko hamarkadaren bukaerako silueta historizistetatik 60koaren forma abstraktuagoetara, eta 50ekoaren diseinu ikonikoetatik igarota, Cristóbal Balenciagak sortutako forma eta bolumenak dira haren ezaugarririk behinenak.
Hala ere, kanpoaldeak erakusten duenarekin batera, hari eutsi eta nortasuna ematen dion barne-mundu bat bizi da. Etiketak, azpiko gonak, gerruntzeak, kuxinak, pisuak, forruak, tolesturak, botoiak eta poltsikoak jantzien alde ikusezinaren parte dira. Erakusketa honek, Balenciagaren kanpoko forma hautemangarri eta bereziekin batera, agerian jartzen dituen sekretuak.
Komisario-lanetan Cristóbal Balenciaga Museoko Bildumen zuzendari Igor Uria duen erakusketa honek 90 ale jartzen dizkigu ikusgai, bost aretotan. Horietan, siluetak, bolumenak, ehunak eta brodatuak begiztatu daitezke, eta maiz ezkutuan den eta goi-mailako jantzigintzaren ebakiek, teknikak eta akaberek ahalbidetzen duten barne-mundu hori aurkitu.