Moda eta Ondarea. Cristóbal
Moda eta Ondarea, elkarrizketa ia ezinezko bat, aurrez aurre jartzen dituena iragankortasuna eta iraunkortasuna, zilegitasuna orainetik eratorria duen hori eta balioa iraganetik jasotzen duen hori. Elkarrizketa ba,t zeina sortzen baita, halere, ezinbestean, Cristóbal Balenciaga hizpide hartzen dugunean.
2018an Ondarearen Europako Urtearekin bat etorrita Moda eta Ondarea serie kuratoriala abian jarri zenetik, Cristóbal Balenciaga Museoak helburu izan du gogoeta egitea Balenciagaren obra moda izatetik ondare izatera igarotzeko prozesuari buruz.
Prozesu metakor modura gauzatu da seriea, aurretiko eta gaur egungo ikerketak bilduz eta barne hartuz, betiere diskurtso kronologiko komun batean oinarriturik baina erakusketa bakoitzerako arretagune desberdin bat proposatuz eta emanaldi bakoitzerako museografia aldatuz eta berrikusiz. Aurreko erakusketetan, Balenciagaren obraren erreferente bisualez jardun gara, eta testuinguruan kokatu ditugu haren lan prozesua, bilakaera eta legatua.
Aurten, Cristóbal Balenciagaren jaiotzaren 125. urteurrenarekin bat, serie kuratorialaren baitako hirugarren erakusketa egingo da. Oraingo honetan, hauxe izango da erronka: argitara ateratzea “errezelaren atzeko” pertsona, markaren atzean dagoen izen propioa, goi mailako joskintzako maisuaren atzean dagoen senitartekoa, laguna edo nagusia.
Aurreko erakusketen oihartzunekin batera, Cristóbal Balenciagaren zenbait objektu pertsonal ere aurkituko ditugu obra hautatu hauen ibilbide kronologikoan txertaturik. Hain zuzen ere, ibilbidean zehar, mitoa alboratzeko eta Cristóbal bera imajinatzeko gonbita egingo digute jantzi, lanabes, gutun, liburu nahiz apaingarri horiek.
Komisarioa: Igor Uria
Erakusketa kontzeptua: Judith Clark
Lankidetza: Archives Balenciaga, Paris eta Centre for Fashion Curation - UAL