Tom Kublin Balenciagarentzat. Ezohiko lankidetza
Cristóbal Balenciagaren eta Tom Kublin argazkilariaren arteko bi hamarraldiz baino gehiagoko harreman profesionalean sakondu eta haren garrantzia azpimarratzen duen erakusketa aurkezten du Cristóbal Balenciaga Museoak oraingo honetan.
Tom Kublin argazkilariak (Zalaszentgrot, 1924-Locarno, 1966) ibilbide profesional labur baina bizia izan zuen Zürich eta Paris artean, II. Mundu Gerra amaitu ondoren.
Urte horietan, argazkilaritzaren artea moda beste perspektiba eta ikusmolde batzuetatik aurkezten hasi zen, eta, zenbaitetan, goi-mailako jantzigintzak eskatzen zuen izaera berritzailea eta gaitasun teknikoa lausotuta gelditzen ziren. Testuinguru horretan, Tom Kublinek Balenciagaren diseinuen argazkiak egin zituen aldizkari ospetsuentzat, eta argazkiek distortsiorik gabe erakusten zituzten jostunaren gustua eta trebetasuna.
Gainera, Balenciaga etxeak, Parisko goi-mailako jantzigintzaren sektorean ohikoa zen legez, bildumen diseinuak argazkiekin dokumentatzen zituen, haien copyrighta babesteko. 1960ko hamarkadaren hasieratik aurrera, argazkiez gainera, Balenciagaren bildumak filmatzen ere hasi ziren.
100 argazkik baino gehiagok eta 5 film-zatik osaturiko erakusketa honetan, ikusgai dago Kublinek ikuspegi horietatik guztietatik Balenciagari buruz egin zuen ekoizpen zabalaren erakusgarri den hautaketa bat.
Archives Balenciaga, Paris; Swiss National Museum, Museum für Gestaltung Zürich lakidetzarekin.